Instrumentugilea

Zeberio Etxetxipia, Xabier

Tolosan 1978an jaiotako biolinista eta konpositorea.

Biolinean Suzuki metodoarekin hasi zen, Ana María Sebastiánen eskutik, Donostiako CIPICen. 1998an, Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Biolineko Goi Mailako Gradua amaitu zuen, eta Bordeleko Kontserbatorio Nazionalera joan zen bere prestakuntza osatzeko asmoz. Aldi berean, Jazz kontrabaxua, harmonia modernoa, moldaketak eta konposizioa ikasi zituen Donostiako Jazzle musika moderno eta jazzeko eskola desparekatuan. 1997an, EGOn (Euskadiko Gazte Orkestra) eta Oskorri folk taldean sartu zen, eta gaur egun arte bertan jarraitzen du. 2000. urtetik aurrera Raffaela Accelarekin jarraitu zuen ikasten. Besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Pablo Sarasate Orkestrarekin aritu da lankidetzan, eta 60 grabazio baino gehiagotan hartu du parte estudioko musikari gisa. Dulce Pontes, Mikel Erentxun, Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Kepa Junkera, Imanol, Los Piratas eta abarrekin lan egin du, bai disko grabazioetan, bai zuzeneko emanaldietan. Gaur egun, Et incarnatus ganbera-orkestrako eta Alos Quartet hari-laukoteko kidea da.



  • ET INCARNATUS : Troika. [CD]. Donostia: Elkar. 694, 2005.
  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/ZEB-01. Xabier Zeberio Etxetxipiaren curriculum vitae-a.
  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/ZEB-01. Syntorama kontzertu sustatzaileak Eresbili bidalitako Alos Quartet taldearen kontzertu proposamena.