Jaiaren jatorrizko esanahia, jostaketatik harago, denborarekin, ehizarekin edota komunitateen oparotasunaren, sendien edo uzten defendatzaile gisa ondratzen ziren jainkotasunekin zerikusia duten erritu jakin batzuen gauzatzean legoke. Horrela, naturaren indar menperatu ezinekoak baretzeko ahaleginean gero eta zeremonia aberatsagoak eta ikusgarriagoak, musika, dantza eta errezitatudunak sortu ziren...
Zentzu horretan, jaia izatearen kontzepzio zikliko baten adierazpen garbia dela esan daiteke. Unibertsoak bizi-zirkulu osoa egiten duela antzeman daiteke: eguzkiaren inguruko lurraren mugimendua, urtaroak, ilargiaren aldiak. Denbora infinitura arte luzatzen den zirkulutasunaren zeinu guztiak azaltzen omen dizkigu, gizakiak milaka urtetan uste izan zuen bezala, nahiz eta "linealtasuna" gure egungo gizarte modernoetan ezarri izan den.
Kristau kultura tradizio paganoak onartuz ezartzea lortu zuen, sinkretismoa deritzoguna, eta egutegi solstizialarekin batera etorriz bere jai propioak sortu zituen: ekialdeko herriak abenduaren 25ero Eguzkiaren Jai Nagusia (neguko solstizioa) ospatzen baldin bazuten, data horietan Gabonak ezarri zituzten; udaroko solstizioan ospakizun eraberritzailerik handienak ospatzen baziren, bertan San Juan eguna ospatu zen. Baina ospakizun horrek gainera, gure ustez, egutegiko jairik garrantzitsuen, ikuspegi antropologikotik ikusita, bilakatzen duten xehetasun jakin batzuk ditu. Gaur arte urtearen aldi horri bat eginik gaur arte bizirik iraun duten tradizioen aberastasun eta zabaltasuna ikaragarria da. Gainbegira ditzagun batzuk.
San Juan egunaren egunsentian hainbat iturritako, ubidetako eta erreketako urak une batzuez ahalmen bereziak zituztela uste zen (kristautasunarekin bedeinkatuta zeudela esanez) azaleko gaixotasunak osatu eta pertsonak, abereek edo eurekin xurgatutako ondasun materialak ere babesteko erabiliak izanez, eta ondorioz etxeetan ondasun preziatu bezala gordetzen ziren. Berdin balio zuen goiz hartan larreak bustitzen zituen garoak ere, eta beraz abereak larreetara ateratzen ziren eta urte guztian zehar babestuta geldi zitezen landetan pertsonak biluzik iraulka egiten zuten.
Gau berean, toki askotan, etxeen etarteetako ate eta leihoetan, zuhaitzen adarrak ipintzen ziren, oro har elorri zuria, oso onuragarritzat aintzat hartzen baitzen (artzain batzuk esandakoaren arabera, ohitura horren jatorria hemen datza: Ama Birjina, Jesus Umea bere besoetan zuela, ekaizdun egun baten landare horietako baten azpian babestu omen zen eta ikaragarrizko oinaztuak bere inguruan erori ziren arren, batek ere ez zion Sendi Sakratuari erasorik egin).
Gaur egun ere herrietako enparantzetan San Juan zuhaitz ospetsuak, bere garaian deskarga elektrikoen aurkako defentsarako baliogarri ziren haritz garaiak, landatzen dira.
Zuhaitz bat hautatzearen ohitura (ama lurraren ekoizpena, lurra), toki batzuetan maiatzaren hiruan ospatzen dena, Santa Kurtze eguna, eta horregatik "Maiatzeko zuhaitza" edo "Maiatza" beste barik deitua, Europa guztian hedatuta dago. Behin Aranako San Vicente (Araba) (oraindino "maiatza" eraikitzen den tokia dugu) herriko biztanle batzuei ohitura horren iraupenaren arrazoiaz galde egin nien, eta ipini ez zuten urte baten uzta osoa hondatu zuen harritea erori zela erantzun zidatela gogoratzen naiz. Hortik honako hau ondoriozta genezake: elementuetatik, harritetik edo... "bada ez bada" babesteko ipintzen dela.
Gure Euskal Herriko herri askotan beste udako solstizioaren lainoari dagokion errituala aurreko urteko San Juan adarrak edo bedeinkatutako ereinotzaren adarrak erretzean zetzan, eta oraindik piztuta zeuden ikatzekin, uztak surik har ez zezan kontu handiz arituz, norbere jabegopeko lurretan zehar ibili, horretara uztaren garapena babestu eta bere alde eginez.