Biztanleak lotan daudenean etxeetan agertzen den numen gaiztoa. Bertako norbaiten eztarria estutzen du arnasa zailduz, sekulako larritasuna eraginez.
Numen honen erasoak saihesteko, Ezpeletako inguruetan, betiko ohitura da oheratzekoan magiazko esapide hau aitatzea:
"Inguma, enauk hire bildur, Jinkoa eta Andre Maria Artzentiat lagun; Zeruan izar, lurrean belar, Kostan hare Hek guziak kondatu arte Ehadiela nereganat ager."
(Inguma, ez nauk hire beldur, Jainkoa eta Andre Maria hartzen dizkiat lagun; zeruan izar, lurrean belar, kostan hareak guztiak kontatu arte ez hadila niregana ager).
Saran beste esapide hau erabiltzen dute:
Ingumes erromes / Ez nio hire beldurrez. / Jesus diat aita, / Ama Berjiña Ama, / Zeruko saindu ta aingeru guziak guardakoa (Ingumes erromes/ ez nago hire beldurrez/ Jesus diat aita/Ama Birjina ama/zeruko saindu eta aingeru guztiak guardakoak).
Ithorrotzen uste dute numen hau dela amesgaiztoen eragilea. Uxatzeko Ezpeletako esapide bera esaten dute, Gauargi numenari aipamen hau gehitzen diotelarik: ”Hi, aldiz, jin akitala, Gauarguia! "Hi, aldiz etor hadi, Gauargia!"
Amesgaiztoak saihesteko Santa Inesi, Ama Birjinari, San Andresi hainbat aipamen eta esapide erabiltzen dira. Hona hemen batzuk:
Andra Santa Ines, / Bart egin dot ames: / ona bada, berorren partez; / tzarra bada, beioa artez (Andre Santa Ines,/bart egin dut amets:/ ona bada berorren partez;/ txarra bada doala artez). Ohikoa da Bizkaiko Garai eta inguruko herrietan.
Beizamakoa da: Amandre santa Ines, / bart egin det amets: / onez bada, bien partez; / txarrez bada, dijoala bere bidez (Amandre Santa Ines/ bart egin dut amets:/ ona bada bien partez/ txarrez bada, doala bere bidez).
Amezketan: Amandre santa Ines, / bart egin det amets; / berriz egin eztezadala / ez gaitzez ta ez onez (Amandre Santa Ines/ bart egin dut amets,/berriz egin ez dezadala/ ez gaitzez eta ez onez). Honen ondoren aitagure bat errezatzen da.
Ataunen: Amandre Santa Ines, / bart egin det amets; eztakit onez ala gaitzez / onez ein badet, betor nere bidez; / gaitzez ein badet, dijoa bere bidez (Amandre Santa Ines/ bart egin dut amets; ez dakit onez ala gaitzez/ onez egin badut, betor nire bidez;/gaitzez egin badut, doa bere bidez).
Arakilen: Ama Birjina Karmen: / nik egin dut amets; / nere amets guztak / izan berorren onez (Ama Birjina Karmen:/nik egin dut amets;/nire amets guztiak/ izan berorren onez).
Ezkurran: Andre Santa Ines, / bart ein dut ames: / bart ein badut gattzez, / gaur ein dezadan onez (Andre Santa Ines,/bart egin dut amets:/ bart egin badut gaitzez/ gaur egin dezadan onez).
Iturenen: Ama Berjina de Kodes: / nik eiten bot ames, / izan daila onez (Ama Birjin Kodes:/ nik egiten badut amets,/izan dadila onez).
Luzaiden: San Andres, / barda ein dut amets, / zurez eta neurez. / Yinkoa ta Andre dena Maria, l har nazazie zien hunez. / Amen. (San Andres,/ bart egin dut amets,/ zurez eta neurez./Jainkoa eta Andre dena Maria/ Har nazatela onez./Amen).
Aulestin ohikoa zen sonanbuluak Arteagako Santa Ines ermitara eramatea; Diman, Errigoitiko elizara non usteldu gabeko ustezko santu baten gorpua gurtzen da; Arroan, Iraetako Santa Ines ermitara eta mainontziak San Prudentziora; Zegama eta Seguran Mutiloako San Pedro ermitara; Ataunen, Olaberria eta Arriaranera.
Euban diotenez, hilabetearen 13ko gauean amesten dena egia bihurtzen da.
Ingumaren parekoa Aideko da, berezko kausak ezagutzen ez diren gaixotasun guztien erantzule egiten zaiona. Gaizkine ere halakoa da, zeinek burukoaren lumekin oilar buruak eginez, bere gainean etzaten direnei gaitz larriak sortzen dizkie. Soilik irudi horiei su emanez lortzen da gaitza sendatzea. Pirinio osoan zehar numen honi buruzko sineskeriak daude.
Referentziak:
- Resurrección María Azkue: "Euskalerriaren Yakintza", I, pp. 115-117
- José Miguel de Barandiarán: Mitología Vasca, pp. 6971, Madrid, 1960
- Romeu Figueras, J.: Mitos tradicionales pirenaicos, "Pirineos", n.° 15-16, p. 171.89