Foru erregimenetako alderdi militarra hiru sistemek osatzen zuten: mugaldeko armada profesional iraunkorrak (Iruñan, Baionan, Donostian, Hondarribian, Donibane Garazin eta goarnizio txikiagoetan); gerra-errekrutatze edo armadarako deiek (itsastarrenek bereziki); eta bertakoek beren lurraldea doan defendatzeko beharrak (lurraldean bertan ez ezik, batzuetan muga zeharkatuta ere). Gerra borrokaldi puntual sorta baino gehiago zenez, biztanle guztiek jarduten zuten militarren agintepean, baita emakumezkoek ere. Adibidez, Frantzia eta Portugaleko erregeen kontrako gerra zela eta, 1476an errege-erregina katolikoek bizkaitar guzti-guztiei eskertu zieten: "zaldun, kaparedun, andre, neska, baserritar, auzokide eta biztanleei, zeinek bere mailan zerbitzatu izana, bizia, diruak eta ondasunak arriskuan jarririk". 1636an, berriz, Gipuzkoako kapitain jeneralak gipuzkoar emakumeei erretiratzeko agindu zien, Lapurdin sartu eta Urruñako borrokan parte hartu ondoren.

Etengabe gerraren beldur antolatutako sistema orokorraren baitan, bada, alarde hitza erabiltzen zen herri bakoitzak urtero antolatu beharreko gizon armadunen ekitaldia aipatzeko, guda izanez gero prest zeudela ziurtatzearren. Agintari zibilek egiten zuten agintari militarrena ere, hierarkia bera mantenduz: alkatea kapitain, zinegotziak sarjentu, eta abar. Eskubide eta eginbehar (isunak bazeuden alardean parte hartu ezean) haien subjektu armadunak auzokideak ziren, hots, tokian tokiko eskubide eta eginbeharren jabeak, ez biztanle hutsak; adibidez, kaparedunak, kaparetasuna eskatzen zen lurralde edo udalerrietan. Halaber, Gipuzkoan frantsesek, beren semeek eta beren bilobek (Irunen eta Hondarribian ehunka) galaraziak zituzten auzo-eskubide eta eginbeharrak, gerra izatekotan zein erregeren alde egingo zuten zalantzarengatik.
Alardeak konpainia bakarrean edo gehiagotan banatzen ziren. Jurisdikziopean herriak zituzten hiribilduen kasuan, konpainiak herrien arabera antolatzen ziren, beren agintari, banderak eta guzti, betiere hiribilduko agintari eta banderaren azpian, eta hiribilduan bertan. Hierarkia hark menpekotasun sinbolikoa adierazten zuelakoan, herri askok uko egiten zioten hiribilduraino joan eta bertako agintari eta banderaren menean agertzeari. Gatazka askoren ondoren, alardeak zeinek bere herrian, bere bandera eta agintariekin egiteko joera nagusitu zen, baita askatasun juridikoa lortu baino lehen ere: Antzuolak Bergaratik, Irun eta Pasai Donibanek Hondarribitik...

Alardeek ariketa militarrak zekartzaten: tiroak, eraso-defentsa saioak, eta abar. Bolbora gasturik ez egiteko, askotan armadunen erakustaldi hutsak ("revista de armas") edota udalerriko arma baliagarrien zenbaketak ("reseña" delakoa) egitera mugatzen ziren.
Alarde hitzez ere ezagutu ohi dira bestelako obligazio militarrak, batez ere herrietako konpainiak, goian aipatutako ordena eta hierarkiari eutsirik, herrian bertan edo beste herri batzuetara joatea, erregetzako edo noblezia handiko pertsonaiei ohorezko eskolta egitera. Halakoetan ere osagai sinbolikoek garrantzi handia izan zezaketen, eta koreografian XIX. mendean guztiz folkloriko bilakatutako alardeetatik hurbilago egon zitezkeen derrigorrezko eboluzio militarretatik baino.
