Arrasate, 1937-05-10. Jose Antonio Altuna alkate izan zen Arrasateko Udaletxean, 1976-1979 tartean.
Artean Franco diktadorea bizi zela ekin zion udal kudeaketari, eta garai hartako usadioari jarraiki, aurreko alkateak karguari utzi zionean, Altuna izendatu zuten herriko lehen agintari, trantsizio aldiari hasiera emanez.
Oso une ilun eta garratzak bizi izan zituen Euskal Herriak urte haietan eta 1976 dugu urte esanguratsua. Urte hartan gertatu ziren Gasteizko langileen hilketak; Montejurran ere hildakoak izan ziren; Segoviako kartzelatik ihes egin zuten ETA-ko kide batzuek; Iberdueroren kontrako manifestazioak pil-pilean zeuden, energia nuklearraren kontra; Moreno Bergaretxe "Pertur" desagertu zen; ETA-k hamazazpi lagun hil zituen... eta abar.
Nahaspila ikaragarri hartan, urte hartako uztailaren 21ean, bete ziren euskal foruak desagertu zireneko lehen mendeurrena. eta Franco hil ondoren euskal udaletan ari ziren zenbait alkateren ekimenez, deialdia egin zen Bergarara azaltzeko. Uholdeka iritsi zen jendea hara, euskal gizarteari esperantza berri baten leihoa irekitzen ari zitzaion eta.
Jose Antonio Altunak aurre egin behar izan zion bere karguari, bortizkeriak betetzen zuen giro politiko eta sozial gogor batean. Bergarako Alkateen taldekidea zenez gero, goi mailako elkarrizketak burutu behar izan zituen espainiar gobernu kide ugarirekin. Kontuan izan behar da, artean alderdi politikoen legea aldarrikatzeke zegoela; beraz, trantsizioko espainiar gobernuaren interlokutorerik esanguratsuenetakoa bilakatu zen Bergarako Alkateen Taldea.