"Besteak", ezberdinak, pentsatzen ez dutenak, hitz egiten ez dutenak edo "gure" moduan jarduten ez duten haiek kulturalki hautemateko jolasa aurreiritziz beteta dago, leku arruntez beteta, eta gaitzespenetik harriduraraino doazen jarrerez hornitzen da. Tartean iseka eta gutxiespena, eta arras gutxiagotan harridurazko sentsazio neutro edo positiboak, mirespena edo irrika.
Gehiegitan, ordea, iritzien, egiaren asmoz emandako informazioen eta ustez kritiko diren azterketen atzean interesak (pertsonalak nahiz kolektiboak) eta joera ideologikoak gordetzen dira. Gainerakoan, norbere kulturaren gorespena, gainerakoen gainetik jarri nahia ageri da. Gorespen edo gogo horretan balioen gutxi gorabeherako defentsa esplizitua azaltzen da eta, batez ere, elementu sozial eta ekonomikoen edota instituzionalen defentsa.